
15-05-2024
Maiatzaren 13tik 19ra, biak barne, Ertzaintzak kamioien zaintza eta kontrola indartuko ditu euskal bide-sarean. Zehazki, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzen dituztenak zainduko dira, jarduera hori arautzen duen nazioarteko hitzarmenean (ADR) oinarrituta. Besteak beste, ontziko dokumentazioa, plaken eta seinaleztapen laranjaren erabilera, suteak itzaltzeko bitartekoak, askotariko ekipamendua eta norbera babesteko ekipamendua berrikusiko dira.
Halaber, baimendutako gidatze-denborak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren, takografoak funtzionatzen duen edo erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko manipulatu den egiaztatuko da.
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarriren arabera, "Inplikatutako kamioiekin izandako ezbehar batek ondorio larriak izan ditzake, are gehiago salgai arriskutsuak garraiatzen badituzte. Horregatik da garrantzitsua prebentzio-kontrol horiek egitea, euskal bide-sarean jokabide arriskutsuak saihesteko ".
Bestalde, maiatzaren 21etik 23ra bitartean, oro har, salgaiak garraiatzeko kamioien pisuaren zaintza indartuko da. Baimendutakoa baino karga handiagoa duten eta ondo lotuta dauden egiaztatuko da.
Kamioiak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak urte osoan zehar programatutako 38 kanpainako egutegiaren parte dira.